Liburu honi Etxeberri Ziburukoak eman zion izen osoa honako hauxe dugu: Manual devotionezcoa, edo ezperen oren oro escuetan errabilltçeco liburutchoa. Ezcarazco verbutan eguiña, eta guztia bi partetan berecia. Bordelen eman zen argitara lehenengoz 1627. urtean. 1669. argitaratu zen bigarren aldiz, berriro ere Bordelen. Bigarren argitalpen horren edizio xerokopiatua (Altuna 1981: 9) argitaratu zuen Hordagok 1978an. Patxi Altunak Manual devotionezcoaren lehen zatiaren edizio kritikoa eman zuen argitara 1981ean Euskaltzaindiak eta Mensajerok eginiko argitalpen bateratuan. Lehenengo argitalpeneko alerik ez da iritsi guganaino, eta Altunak dioenez lagungarri izango litzateke lehen eta bigarren argitalpenak erkatu ahal izatea, izan ere bigarrenak "dituen huts eta bertso hankamotz batzu osatzen lagunduko liguke" (1981: 9).